Etxarteko antzoki
Etxarteko antzokia (gaztelaniaz: Corral de comedias) XVII. eta XVII. mendeetan, Espainian eta Hispanoamerikan zabaldu zen antzoki publikoaren eredua izan zen. Antzoki horiek etxebizitzen arteko patioetan egin ziren, kanpo aldean beraz. Espazio horietan Espainiako Urrezko Mendearen antzerkia garatu zen eta horrelakoetan egile ospetsuen lanak lehen aldiz eman ziren: Lope de Vega, Tirso de Molina eta Pedro Calderón de la Barca. Instalazio horietan, antzezlanak ikusteko, herria noblekin, apaizekin eta erregekin batera biltzen zen.[1]
Gaztelaniazko izena
"Corral de comedias" kontzeptuan gaur egun erabiltzen ez diren hitzen esanahaiak biltzen dira. "Corral" izena barruko patio horiei ematen zitzaien. "Comedia" kontzeptua, bestetik, gaur egun umorezko ekoizpenekin erabiltzen bada, lehen hiru genero biltzen zituen, tragedia, drama eta berezko komedia.[2]
Historia
1560ko hamarkada arte Espainian ez zeuden antzezlanak antzezteko eraikin propioak. Antzezpenak jauregietan, elizetan eta kaleetan egiten ziren. Horren aurrean "corraletan" egitea aukera egokiagoa zen, modu batez espazioa ixten zelako eta balkoietatik zein leihoetatik ere espektakulua ikusteko aukera ematen zutelako. Patio horiek etxeetakoak izan zitezkeen baina baita ere ospitaletakoak, biltegietakoak, ostatuetakoak...
Egitura
Espazioa gutxigorabehera horrela antolatzen zen:
- Oholtza batean eszenatokia kokatzen zen.
- Alboetan, harmailak eta galeriak antolatzen ziren, errege-erreginentzat eta nobleentzat.
- Erdian harrizko patioa, irekia; hemen, zutik, gizonak jartzen ziren.
- Patioaren atzealdean, eszenatokiaren aurrez aurre, bi mailetan antolatutako hemiziklo antolatzen zen. Goiko solairuan, "tertulia" izenekoa, kleroa jartzen zen. Azpiko solairuan, "cazuela", emakumeak jartzen ziren.
- Etxeen ganbaretan apaizak egokitzen ziren.
- Balkoietan eta lehioetan nobleentzako gela bereziak antolatzen ziren.
Denborarekin, patioa babesteko, toldoak jarri ziren. Orokorrean, etxarteko antzokiak antzerki isabelinoaren antzokiekin antza handia zuen
Etxarteko antzoki ezagunak
XVI eta XVII. mendeetan horrelako antzoki asko altxatu ziren Espainian zein Amerikan. Hiri handi guztiek gutxienez bat zeukaten. Hona hemen oraindik gaur egun nolabait zutik dirautenak.
- Almagroko antzokia, osoa gorde den bakarra.
- Alcaláko etxarteko antzokia, elementu batzuk gordetzen dira.
- Pachecako etxarteko antzokia, Madrilen, desagertuta.
- Printzearen antzokia, Madrilen, oso aldatuta oraindik dabil.
Erreferentziak
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz):Printzearen etxarteko antzokiaren ikuspegi birtuala (1583-1744).
- (Gaztelaniaz):Almagroko etxartearen antzokia.
- Datuak: Q2720855
- Multimedia: Corrales de comedias / Q2720855