Juan Kruz Goienetxe Elorga
Juan Kruz Goienetxe Elorga | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Elbete, 1857 |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | Amaiur, 1925eko apirilaren 29a (67/68 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | apaiza eta idazlea |
Juan Kruz Goienetxe Elorga (Elbete, Baztan, 1857 – Amaiur, 1925eko apirilaren 29a) nafar apaiz eta idazlea izan zen. Eragin handiko pertsona izan zen 1936ko gerraren aurreko higikunde euskaltzalean.
Bizitza
Elbeten sortu zen, 1857an. Iruñeko apezgaitegian ikasi, eta 1891n apaiztu zen. Lehenik Luzaiden egon zen apaiz, eta Amaiurrera igorri zuten urte batzuk geroago; bertako erretorea izan zen hil arte. Gaztetxoendako latin eskola paratu zuen herriko apaiz etxean. Aktiboki parte hartu zuen Nafarroan egin ziren euskararen aldeko ekitaldietan; errate baterako, euskarazko predikuak eta hitzaldiak eman zituen Auza (1908), Elizondo (1908) eta Lekunberriko (1910) lore jokoetan.[1] Resurreccion Maria Azkueren laguntzaile izan zen Baztango kondaira eta ipuinen biltze lanean.[2]
Nafarroako Monumentu Historikoen Batzordearen Baztango ordezkaria izan zen. Hori zela-eta, Batzordeak 1922an Amaiurren eraiki zuen oroitarriaren inguruko ekitaldi guztietan parte hartu zuen. Euskaltzaindiak 1923ko irailean Donezteben antolatu zituen Bigarren Euskalegunetan, Martin Azpilikuetari buruzko hitzaldia eman zuen.[3] Mariano Izetaren arabera, Goienetxek argitaratu gabeko zenbait lan utzi zituen hil zelarik, besteak beste bederatzi ipuin hauek: Artzain lapurra, Doministikun-doministiku, Errege zorria, Euna ta ongarria, Ikazkina ta erioa, Txerri usaina, Urtsuko ermitan, Zeruko berriak eta Landaberroko afaltiarra.[1] Ipuin horietako batzuk jasorik daude Azkueren Euskalerriaren Yakintza lanean.
Erreferentziak
- ↑ a b Bidador, Joxemiel. Baztango euskal idazleen berri laburra. Euskaldunon Egunkaria, 2000-1-21; 2000-1-28; 2000-2-4; 2000-2-11; 2000-2-18; 2000-2-25, zubitegia.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-19).
- ↑ Arriague, Xan. Haur eta helduentzako ipuin liburua. paperekoa.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-19).
- ↑ Iñigo, Andres. 1923. urteko II. Euskalegunen omenez. Euskera - XLIII, 1998,2, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-19).
- Datuak: Q57496882